AURKEZPENA

ZumaiaZumaia Gipuzkoako Kostaldeko  herria  da. Herri ertaina da, 9.291 biztanle ditu eta biztanle gehienak hirigunean bizi dira. Kanpoko auzo nagusiak Artadiko San Migel, Narrondo  eta Oikia dira.  Herri industriala dela esan dezakegu nahiz eta, azken urte hauetan hirugarren sektoreak, eta batez ere  turismoak,  gero eta indar gehiago izan.

Zumaia herri euskalduna dela esan dezakegu, Urola Kostaldea eskualdea bera bezalaxe. Euskara badakitenak eta nahiko ondo ulertzen dutenak kontuan hartuta esan dezakegu herriaren &percent;80a euskal hiztuna dela. Proportzio hau, jakina, askoz ere handiagoa da 25 urte beherako biztanleriarentzat. 

Gure ikastetxea ere herriko isla bat besterik ez da. Gure ikaslegoaren gehiengoa euskalduna da, hau da 2/3 guraso euskaldunen seme-alabak dira, beste 1/3a guraso erdaldun edo mistoen seme-alabak dira.

Zumaiako herriak bere lehen eskola   1652. urtean izan zuen Juan de Olazabal, Felipe IV.aren idazkaria zenaren, dirulaguntzari esker.  Zumaiako Herri Eskola 1994ean eratu zen, Julene Azpeitia Ikastetxe Publikoa eta Zumea Ikastola Publikoaren arteko  fusioa eta Institutuaren arteko hitzarmenaren ondoren. Ikastetxe honek Haur, Lehen eta Bigarren  Hezkuntza eta Batxilergoa ditu. Gaur egun guztira 1260 ikasle ditu,   horietatik  802 ikasle Haur eta Lehen Hezkuntzakoak. Haur eta Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko lotura, koordinazioa eta elkarlana  garatzen ari gara  urte hauetan.

                   Zumaiako Herri Eskolako ikasleak hiru eraikuntza ezberdinetan kokatzen dira: Haur Hezkuntzakoak Aita Mariko eraikuntzan, Lehen Hezkuntza eta  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak Sagarbideko eraikuntzan eta Batxilergoa eta zikloak Institutuan. Baina administrazio aldetik bi eskola bezala funtzionatzen dugu: alde batetik zumaialhi (Haur eta Lehen Hezkuntza) eta bestetik zumaiabhi (Bigarren hezkuntza eta Batxilergoa).