ZUMAIAKO ESKOLA BIDEAK AZTERTUKO DITUEN DIAGNOSTIKOA EGINGO DA

Otsailaren 16an, mahai teknikoaren lehen bilerarekin, jarri da abian Zumaiako ikasleen eskolara joateko ohituren diagnostikoa egiteko proiektua. Proiektu honek ikasleen autonomia eta eskolara joateko modu osasuntsuak bultzatu nahi ditu eta horretarako lehen pausua gaur egungo egoeraren diagnostikoa egitea eta proiektuan aurrera eraman beharreko ekintzen proposamena gauzatzea izango da. Maiatzaren amaieran diagnostikoa amaitua izatea nahi da.

Lehen lanketa hau herri mailan egingo da, Udala eta bi eskolen parte hartzearekin eta HH eta LHko ikasleei zuzendua dago. Proiektuaren jarraipena egingo duen mahai teknikoan Udaleko ordezkariak, Zumaiako bi ikastetxeetako zuzendaritzak zein guraso elkarteetako ordezkariak eta proiektuko hainbat jarduera aurrera eramango dituen Projekta Urbes enpresa daude.

Zumaiako Herri Eskolan diagnostikoa garatzen laguntzeko Lubaki Guraso Elkarteak dirulaguntza lortu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailetik. Diru-laguntza hau 2013-2020rako Osasun Planaren MUGIMENT proiektuko MUGIKASI estrategiaren barruan sartzen da. Bertan, EAEn jarduera fisikoa sustatzeko proposamenen artean EAEko ikastetxeetan, eskola-bideak sustatzea agertzen da

Laster batean datuak biltzeko galdeketak eta behaketak egingo dira Zumaiako ikastetxeetan, baita Zumaiako Herri Eskolako HHko zein LHko haurren eta gurasoen artean ere. Datu bilketa hau arrakastatsua izan dadin guztion parte-hartzea ezinbestekoa delarik.

Zuen partaidetza aurrez eskertu nahi dizuegu.

Informazioa eguneratzen joango gara webgune honetan bertan.